XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pilas agureak, ordea, ederto azi zun ardura aundiz, bere semea bai'litz bera laztanez besarkatzen zularik.

Irugarren giza taldearen buru, ostera, Peisander Are'ren laguna jaurri zan, Maimal'en arikoa.

Igun arteko gudaketan ez-zan Mirmidon guzien artean ua baño beste gudari yayo ta nabariagorik, Pelesemearen adizkidea baizik.

Laugarrenaren buruzagia Poinik zeritzan, agure zalduna.

Bostgarrenaren aitzindari Alkimedon, Laerke'ren seme akargabea.

Aizkenik, beraz, giza taldeak eren agintariekin guda taiuan aukeratu zitunean, Akile'k onelako itzaldi latza yalki zien: Akile'k: Mirmidon zueik!, ez-beitok zuen arteko iñor be aaztu, Troar'en aurka, gure ixontzi azkarren gañian, yalkiten zendubezan induriekin eta biraoekin, nire erramiñak irauten yuan bitartian.

Nire aurka, artan, onela aitor egiten zenduben: Biotz gogorra eu, Pelekumel, ire azamak, beñola, beazunez azi indun-eta.

Errukarri ori!, ixontzi barruan gurezta daukazak eure lagunak-eta.

Goazenak ostera ixontzietan etxera itxaso barna, alakoxe aserre txarrak meneratu dausk biotzondoa!

Onela sarritan guztiok bildurik aakar egiten eustazuben.

Oraiñ, ostera, gudartearen neke lan aundia sortu da, leenago zuen gurari biziz erakarri zendubena.

Beraz, kemenik biotzian daukana, bioa oldarki Troar'en aurka burrukaldira.

Ala mintza ondoren, edonori adore ta gogo bizia ernarazi zion, ta eren endoreari entzun bereala, saldoek geroago ta areago bulartzen ziran.

Nunbait, gizona etxegintzan ari oi danean, arriak elkar estuturik, orma aundia eraikitzen omen du, aize indarrari eutsi aal dezayon.

Ala buroskolek ta eskuko ikurdi biribillek elkar estutzen ziran.

Ikurdia ikurdiakin bat egiten zan, burukoa burukoakin, gizona gizonakin.

Ta guda gizonen buruko zaldilleak, makurtzerakoan, elkar ikutzen zuten atal argiekin.

Alako bete betean zetorzen saldoek, gizonak elkar estu bearrez.

Danen aurrean buru gizaseme bi jaurri ziran, bularroskolez estalirik, Paterokel eta Automedon, iñolaz.

Bi-biyek, gogo asperen berberaz irazekita, Mirmidon'en arteko aurrenekoen aurrean jaurri ziran, guda erasoan sartzeko.

Akile, ordea, bere aterperantz itzuli zan.

Sartu zan barrura ta kutxa eder polit baten gañeko estalkaya ideki zun.

Bere azama Tetis oiñtxuriak izontzira erakarri bai-zion, ezpañ ertzeraño tunikaz, bera aize otzaren aurka zaitzeko, gañeko jazkiz eta oyal bigunez bete beterik.

Antxe baita edontzi eder landu bat ere aurki zun, iñoiz bertatik iñork ere egundaño ardo baltzik edan ez zuna, norberak ez ezen; eta urtziekiko iñori, Tzeu aitasoari baizik, ixurketarik egin ez-ziona.

Kutxatik, ba, atera zun, eta kirats arriz ikuzi zun leenbizi, ta urrengo ur zirrio gardenez garbi garbi egin zun.

Bere eskuak ere garbitu zitun eta ardo beltza ixuri zun bertara.

Azkenez, otoika ari zan ezkaratz erdian ortzerantz begiak jasorik, eta ardo ixurketari ekin zion.

Ez-zan aantzi ere Tzeu oñaztargi jabiaz: Akile'k: Tzeu guren ori!, Dodoniar!, Pelasgiar!

Zu urrun bizi zaran ori!, Dodone lurraldeko negu lorraren ugazaba ori!

Zeure ondoan igarletzat Seloiak ba-dozuzan ori, egundo oiñik garbituten, eta egundo lotarako lur gañian ez ezik etzaten ez-diran Seloiak.

Leenago, beintzet, entzun eustazun nire otoiaren oyua, ni goretsi bai-nozu ta Akayar'en erria, ostera, zapaldu bai-dozu, gatxez eta izurritez.

Onezkero, orain be bete eidazu nire onelako guraria.

Nik emen toki ontan irauten dot ixontzien egotokian, baña nere laguna bialdu dot Mirmidon taldiaren buruzagi, areyoei erasoteko.